Deskribapena
Isla proiektuaren atzean diseinatzaile bat eta bi zeramikari gaude: Aizpea, Maite eta Jone.
Portzelanaz egiten dugu pieza bakoitza Itsasoko gure zeramika tailerrean.
Modeloa diseinatu eta prototipoak egin ostean, eskuz modelatzen ditugu belarritakoak banan banan. Lehortzen utzi eta lehen labekada egiten dugu, “bizkotxatzea” deitzen dioguna. 8 orduko prozesua izaten da eta 980ºC-tara iristen dira piezak. Jarraian, gure estudioan sortutako esmalte bat ematen diogu pieza bakoitzari eta bukatzeko, bigarren labekada egiten dugu. Kasu honetan, 10-11 orduz egoten dira berotze prozesuan eta 1260ºC tara iristen da tenperatura.
Labekadak egunez egiten ditugu eta gaua labea hozten pasatzen du. Goiza iritsi eta atea irekiz piezak nola geratu diren ikusteko irrikaz egoten gara. Izan ere, gure labea gasezkoa denez, tenperatura ez da berdin-berdina izaten labe barru osoan, eta pieza bakoitzak bukaera desberdin bat izaten du kokatuta egon den lekuaren arabera, bero gehiago edo gutxiago jaso duelako.
Zintzilikarioari dagokionez, zilarrezkoa da.